“Baserria, natur eskola bizia” proiektuaren barnean aurki daiteke:
Ikasketa prozesua benetan probetxugarria izateko talde txikitan egiten da lana (gehienez 22 ikasle) baina ez dago inolako arazorik 40 edo 60ko taldeak ere hartzeko, izan ere baserrien arteko distantziak txikiak dira eta 2 edo 3 taldetan banatu litezke ikasleak.
Jarduerak 3 edo 6 ordukoak dira eta eguna osatzeko jolastoki eta bazkaltzeko parkeak ere gertu ditugu.
Ekintza honetan erleen bizimodu bitxi eta interesgarria ezagutuko duzue, naturan duten funtzioa eta erlearen etxekotu zeneko historia. Intsektu honen anatomiari buruz ikasiko duzue, erlauntzek nola eboluzionatu duten, zein produktu ekoizten dituzten erleek eta zer den erlegintza. Polenaz karga-karga eginda datozen erleak bizirik ikusteko aukera izango duzue, eztia eta propoleoa, babestutako erregina bat, langileak kumeak elikatzen, dantzan eta garbitzen. Gainera, ezti goxoa probatu eta kandelak egingo dituzue.
Maite eta Jone Urainek osatzen dute Pott keramika tailerra.
Naturako lau elementuak, lurra ura, airea eta sua elkartuko ditugu zeramika egiteko orduan.
Gure tailarrean egingo duzuen ekintzarekin kreatibitatea eta irudimena lantzeko aukera izango duzue, zuen ideia bati forma emango diozue. Zeramika egiteko prozesua ezagutu, Bustina ukitu, sentitu eta landuko dugu.
Guzti hau egin bitartean Euskal zeramikaren ezaugarriak aitatuko ditugu eta Pott keramikan erakusten diren eskulturen esan nahia eta lanaren prozesua azalduko dizuegu.
Ekintza hau aukeratzen baduzue helburu bikoitza lortuko duzue: ongi elikatzea zer den eta elikagaiak non erosi daitezkeen jakitea. Nor ez da txikitan janaria prestatzera jolastu? Ba orain Ordiziako merkatu famatuan modu dibertigarrian egin ahal izango duzue, produktua zuzenean ekoizleetatik erostearen abantailak eta garaiko produktuak nola aukeratu ikasiz, besteak beste. Eta D’elikatuz zentroan menu goxo, osasuntsu eta orekatu bat nola prestatzen den ikasiko duzue, eta baita elikadura osasuntsua ariketa fisikoarekin uztartzearen onurak ere.
Hozkailurik ez zegoenean elikagaiak nola kontserbatzen zituzten ezagutu nahi baduzue, denboraldiko frutarik onenak probatu eta lastoarekin jolastu nahi baduzue, hau da zuen aukera. Mermelada goxoa prestatu eta etxean aste guztian (iristen bada!) osasuntsu gosaltzeko potean sartzeko sukalde ekipatua daukazue zain. Egosten den bitartean larreetatik paseoa eman eta behorrak, baratzeak, heskaiak, fruta-arbolak eta eguzki-loreen gisan jiratzen diren eguzki plakak ikusteko aukera izango duzue.
Artzainak izan ziren lurralde hauetako lehenengo biztanleak; beraiek eraldatu zuten gaur egun baserritarrek modelatzen jarraitzen duten paisaia, eta seguruenik beraiek gatzatuko zuten lehendabizi ahuntz eta ardi esnea, gazta egiteko lehenengo pausua emanez. Orain gazta egiten zuek ikasi ahal izango duzue Idiazabal gazta egiten duten bi baserrietako batean. Eta prentsatzen utziko baduzue ere, bi-hiru hilabeteren ostean dastatu egin ahal izango duzue.
Baina gainera ardiak ikusiko dituzue, eta agian biberoia eman ahal izango diezue arkumeei, eta bideo, multimedia eta interpretazio museo txiki batean, naturari hain estuki lotuta dagoen lanbide hau ezagutu ahal izango duzue.
Jarduera honen bitartez, baserri dolareen eraikuntza gidatzen duten oinarri arkitektonikoak ezagutuko dituzue, batez ere eraikuntzari dagozkionak: sagardo-dolare handi baten inguruan barne-egitura nola antolatzen den, bizitokia beheko solairuan eta ukuilua atzeko aldean. Baserriaren maketa eraiki eta barnealdeko espazioen erabilerak landuko dituzue.
Ogi egin berriaren usaina baino gauza samurragorik ez dago, batez ere norberak maitasunez orea egin eta egur labean egosi badu. Hariztizabalen ogi integrala eta pasta ekologikoa egitea benetako gozamena da, eta errezeta etxera eramaten utziko dizuete! Amantal zuriekin ogia egiten ari zareten bitartean, abeltzaintza, kalitatezko produktu naturalei eta bidezko merkataritzari buruz asko ikasiko duzue. Eta atsedenaldian ganbarara igoko zarete, bertan sorpresa edukiko duzue eta. Etxera bueltan, zuek egindako ogiarekin ogitarteko berezia prestatuko duzue.